Ibiak
5
Atxegako ibia
Dokumentuetan ageri denez, gaur egungo tren-zubiaren inguruan zegoen garai bateko Usurbilgo ibi zaharra. Leku estrategikoan zen, horraino apenas iristen baitzen, orain ere ez, itsasgoraren eragina, eta marea edozein zela ere lasai asko zeharka zezaketen ibaia. Dena dela, gertuko Zorrotzeko zubia XVI. mende amaieran eraikia izan zenez, pasagune hura ez zela luzera erabiliko pentsa daiteke. Usurbildar adinekoek ez dute, beraz, ibi horren aditzera; bai, aldiz, Sañarrienetik Zumartegiko irlara iristeko egurrezko zubiarena eta hortik Atxega ingurura pasatzen ziren baserritarrena. Errotaberriko presak, lehenik, eta batez ere, Zumartegiko irlaren inguruan duela hogei bat urte egin zen desbideraketak asko aldatu dute ingurua.