Angula biberoak eta anguletarako lehorreko kalatokiak

Errioaren ingurukoekin amaitzeko, gure herrian, eta batez ere Aginaga partean, garrantzi handia izan duen jarduera bat izango dugu aipagai. Askorentzat zaletasun, batzuentzat lanbide, angularen munduak gure herriko paisaian utzi dizkigun aztarnak nabarmenak dira: bibero edo angula-deposituak, eta horrekin batera errio bazterrean gero eta gehiago ikus daitezkeen anguletarako lehorreko moila edo kalatokiak.

Zabaltxipiko angula biberoa

Ez gara anguletara joatearen gainean arituko, ezta errioko sekretu eta ohiturak argituko ere, baina harira datorrenez, zizare itxurako eta azal labainkorreko arrain luze horren inguruan hitz bi esango ditugu, oso espezie berezia baita angula, edo aingira, heldutakoan. Badirudi Mexikoko Golkoko Sargazo itsasoan arrautzak errun, eta larbek Ozeano Atlantikoa gurutzatzen dutela Golkoko korronteak lagunduta. Europara iristean, larba horiek mehetu eta luzatu egiten dira, angula bilakatuz. Angula sardak itsasadar eta bokaletan sartzen dira, besteak beste, Oriako errioan. Uda bukaeratik udaberri hasiera arte sartzen dira itsasadarretan, normalean gauez. Hazi ahala ibaiak kolonizatzen dituzte eta bertan 12-15 urte bizitzen dira gutxi gorabehera. Behin sexu heldutasuna lortuta, jaiolekura itzultzen dira ugaltzeko, eta, ondoren, bertan hiltzen dira.