Aluneak edo altokiak

Errio bazterrean egindako zurezko egitura da alunea, ala ahal den erosoen uzteko edo amarratzeko tokia. Egituraren zutoinetan lotzen da ontzia, kareletik, eta marearen arabera gora eta behera egiten du irrist.
aluneak01
Sariakolako aluneak
Sasoi batean ia Aginaga guztiak zuen bere etxeko altokia. Errio bazter osoa alunez betea egon ohi zen, denak errenkadan, lekurik ez zela, eta bi ala edo gehiago aluneko. Garairik oparoenetan ehundik gora zirela diote aginagar adinekoek. Izan ere, orduan ala zeregin ugaritarako erabiltzen zen: angulatarako, aingiratarako eta arrantzarako orokorrean, hondarra ekartzeko, etxeak eraikitzeko erriotik harriak ateratzeko, errioz beste aldera pasatzeko eta abar. Ur bazterra denena dela eta, ez zen beharrezko izaten bakoitzak bere etxe parean egitea, kasurik gehienetan hala izan arren. Hori bai, itsasbeheran ala flotean egongo zen tokia bilatzen zen beti, toki leun eta txukuna, babesa. Alune baten zatiak honakoak dira:

- Eskailera: Zuzena eta ia bertikala

- Pasadizua: Lehorretik eskailerara iristeko pasarela da, etzana, bi haga luzez osatua eta ohol meheekin itxita.

- Baranda (banda): Pasadizuak, ezker edo eskuin, daraman heldulekua.

- Balizak (palizak): Errio bazterrean alari eusteko errioan sarturiko zutoin luzeak dira. Bi daramatza alune bakoitzak, goialdean eta behealdean, behar besteko tartea mantenduz.

- Txarrantxak: Balizen balantzei eusteko euskarriak dira. Muntoan edo lehorrean josita, balizen mutur aldia eusten dute, urkila bidez batzuk, besteak gabe. Baliza bakoitzak bi txarrantxa ditu.

aluneak01
Mapilgo alunea, duela hamarkada batzuk

aluneak01
Pantalana Zorrotzeko zubian

aluneak01
Ala Intxaurretan

Egituraren zati guztiak zurezkoak izaten ziren, ahal zela balizak akaziazkoak, edo bestela haritza. Dena dela, azken urteotan poliesterrezko alak zurezkoa ordezkatu duen moduan, metalezko egitura sendoak garai bateko alunearen lekua hartu du. Zurezkoak oraindik badaude, baina gero eta gutxiago: mantenimendu bat eskatzen dute; uraldien ondorenean, jasandako kalteak osatu behar dira. Hori egin ezean, hondatu eta erori egiten dira. Hala, zoritxarrez, egoera kaskarrean edo abandonatuak dauden alune asko ikus daitezke errio bazterrean, eta beste horrenbeste galdu zaizkigu dagoeneko. Hamar bat urte barru ez da betiko zurezko alunerik izango gurean, eta, uholdea tarteko, lehenago.

Azken urteotan, errio ertzean, metalezko aluneez gain, beste motako ontziralekuak ugaldu dira, flotadoreak edo pantalanak. Uraren gainean dauden plataformak dira arranpa artikulatu bidez lehorrera lotuak, marearekin batera gora eta behera ibiltzen dira. Xumeenak plastikozko ontzi edo bidoien gainean flotatzen dute, eta zurezkoak dira; baina pantalan berri erosoak gero eta arruntagoak bihurtu zaizkigu errio izkinan.

Txokoaldeko zubitik behera, Usurbilgo muga Olaberrietaraino egin dugun bidaian, oraindik alune edo altoki mordoska ikusi ditugu, nahiz eta asko erortzeko zorian izan. Aleroaren esanetan, baina, halako lau ikus zitezkeen lehen, egoera onean guztiak. Hona hemen, ezker eta eskuin, ibaiertzean ikusitakoa:
Txokoaldeko zubitik gora ere, garai batean, baziren aluneak, Errotaberriraino. Hortik gora ere bai, baina marearen eragina haraino iristen ez zenez, ez zen halako egiturarik behar. Dena den, gaur baino askoz gehiago erabiltzen zen ala lehen. Itxiberrietako zubia bota zutenean, esaterako, Oriatik Zubietara pasatzeko ala zerbitzua jarri zuten Zumaburuko presatik gora. Iturrarteko irla parean, igaraba eta aingiren arrantzan aritzeko alunea zegoen Iurritzan, kablea eta gabarraren ondoan, eta presa-buruan ere ala bat zuten errotakoek. Orbeldiko presatik gora, berriz, Irurubieta eta Amidi baserrikoek Kalezarrera pasatzeko ala zuten.
aluneak01
Irurubietan txanela

aluneak01
Ala zerbitzua Itxiberrietan, 1958-60 inguruan