Santutxoa
gurutzeak21

Kalezarko sarreran dago, bidearen eskuinean, Sokorroko Amaren ermitaren ondoan. Oinplanu laukizunena du, eta aurrealdeko ertzetan zutitutako bi pilarek eta atzealdeko harrizko hormak eusten dute bi isurkiko estalkia. Ataripeak harrizko horma baxua du buelta osoan, eta burdinazko atetxoa erdian, sarbide moduan. Deboziozko gune, kalbarioko azken gurutzea dago barnean, T formako gurutzeak albo banatan dituela. Gurutzearen erdian Jesukristoren irudia ageri da, eta eskailerak eta iltzeak ateratzeko hainbat tresna besoetan. Kalezartarrek ermita ospital esanda ezagutzen badute, santutxoa Ospitaltxikia da. Garai batean, makina bat bidaiarik hartzen zuen bertan aterpe, batik bat ijitoek.


gurutzeak22

Hala ere, Santutxoko gurutzeak auzo bereko beste paraje batean omen zeuden aspaldi batean. Ibarrolaundi baserriaren atzealdeko muino baten gaina omen da gurutze horien jatorrizko lekua; eta, oraindik, hala ezagutzen dute bertakoek gain hura, bertan gurutzerik egon ez arren: Gurutzesantua. Esan digutenez, gainera, Kalezarretik abiatuta, bertaraino iristen zen orduko bide-gurutzea. Antza denez, Elizaldek garrantzia hartu zuenean jaitsi zituzten gaur ezagutzen ditugun lekura.