Pilotalekuak
2
Zubieta
Errebote plaza izatea da Zubietako pilotalekuaren bereizgarria. Iparraldean jokatzen da, batik bat, eta Gipuzkoako hainbat herritan, batez ere, Villabona eta Zubietan. Lehen, berriz, baziren erreboteko talde gehiago inguruan, besteak beste, Usurbilen, Orion eta Asteasun. Endika Abril txapelketa da, egun, urtero, Zubietan jokatzen dena.

Gaurkoaren antz handia zuen lehengo errebote plazak, pasa den mendearen erdialdetik hona aldaketa nabarmenak izan dituen arren. Zorua txukundu zuten, lehenik, belarra eta lurra kendu eta legarra nahiz galipota bota. Erreboteko pareta altxatu eta, Iparraldekoen tankeran, goialdea biribildu egin zioten, lehen askoz baxuagoa eta zuzena baitzen. Pareta bera zuritu egiten zuten, lehen beltza baitzen, pilota beltza ikusteko txarra. Bestalde, plazaren erdian sakarria zuen, harrizko lauza ederra, Donostiako Atotxako errebote plazatik ekarria, antza denez. Bitan hautsi eta, orduan, egurrezko botiloak ordezkatu zuen.
Horretaz gain, mende honen hasierako Zubietaren urbanizazio berrian, ezker paretako pilotaleku estali berria eraiki du Udalak.