Pilotalekuak
1
Kaleberri

Jatorrian bi hormetako pilotalekua
izanagatik, 1936ko gerra
aurretik behintzat, errebotean
sarritan jokatzen zen Kaleberrin,
gaur egungo frontisaren eta elizaren
arteko plazan. Gerra ostean,
berriz, behin bakarrik jokatu
da errebote partidu bat,
1960ko hamarkadan, Iparraldeko
Sara eta Zubietako taldeen
artean. Hondarra bota
omen zuten orduan dema-plazan,
eta sakegunearen zabaleko
mugak jarrarazi igeltseroari.
Oraindik ere, dema-plazaren alboetan
bistan dira orduko behin
behineko errebote plazaren alboetako
adokinezko bi marra.
Euria erruz egiten duen herria
denez gurea, 1970eko hamarkadan
frontoia estali behar zela
adostu zuten. Ez zen, ordea,
erabakia denen gustuko izan,
eta asko eztabaidatu ondoren,
baldintza batekin eraiki zen metalezko
egitura eta uralitazko
lehen estalkia: noizbait, beste
nonbait pilotaleku berria egiten
bazen, honi estaldura kenduko
zitzaion. Betiko geratu zaio,
baina, estalkia. 1997an amaitu
ziren Iñaki Martinez Labiano arkitektoak
diseinaturiko estalki
berria ezartzeko lanak, gaur
egun ikus dezakeguna, hain
zuzen.
Goiko argazkian lehen pilotalekua
ikus daiteke, estali gabea,
1953an. Erdikoan, lehen estalkiarekin,
eta behekoan, gaur
egun dagoen moduan.