Pilotalekuak

Antzinatik heldu zaigun jokoa da pilotarena. Pertsiarren, maiarren, greziarren eta erromatarren artean jada ezaguna, azken horien bitartez zabaldu omen zen Europa osora. Erdi Aroaren hondarrean, jada, pilota-jokoa hedaturik zegoen, nahiz eta poliki-poliki itzaltzen joan, Euskal Herrian salbu. Hasieran, artzainek mendi-bizkar eta mendi-lepoetako soroetan, pilotasoroetan, jokatzen zituzten beren partidak, boteluzean izeneko modalitatean. Zelai lau eta angeluzuzen batean, bi pilotari talde aurrez aurre jartzen ziren, elkarren txandan aurkakoari pilota bidaliz, taldekoren batek falta egin arte. Antzinako joko guztietan, pilotariek lehiakideei zuzenean botatzen zieten pilota. Geroago, baina, horma batera botatzen hasi ziren. XVIII. menderako guztiz errotuta zegoen pilota Euskal Herrian.

Esku pilota da jokatzeko modurik zaharrena. Geroago, eskua babestu nahian, esku-larruak, pala eta gainontzeko tresnak sortuko dira. Modalitate berriek ez zuten lehenbizikoa galarazi, guztiek iraun baitute. Hala ere, gaur egun, pilota-joko guztiek ez dute hedadura bera. Batzuk oso zabaldurik daude: esku-pilota, pala, erremontea, zesta-punta... Beste batzuk, berriz, gutxi jokatzen dira: pasaka, errebotea, xarea. Errebotean aritzen direnak gutxi badira ere, Zubietan bada zaletasunik. Gaur ezagunenak diren pilota-jokoak XIX. mendearen erdialdean hasi ziren finkatzen eta arautzen.

Joko motak gero eta ugariagoak izanik, pilotalekuak ere egokitu beharrean izan ziren, eta gaurko hiru pilotaleku motak sortu ziren: horma (frontis) batekoa, bi hormakoak: laburra eta luzea (ezker pareta), eta lau paretako trinketea. Herri bakoitzak zuen bere pilotalekua, hartarako, elizako edo udaletxeko hormak erabiltzen baziren ere. Usurbilen, esaterako, nahiz eta ordurako pilotalekuak egon, makina bat haur eta gaztetxok ikasi du pilotan Sokorroko Amaren ermitako hormetan, Kalezarren, edo Udaletxeko ataripean, Kaleberrin. Horretan ordu luzeak aritzeko beste mila txoko ere egongo ziren, ziur.

Bestalde, pasa den mendearen erdialdera, taberna edo ostatu negozio batzuek bere frontoi partikularra zuten, ia guztiek bolatokia zuten moduan. Gure herrian, adibidez, Zubietako Salsamenditarren ostatuak (gaur egun Dana-ona jatetxea), bazuen frontoia, atzealdean. Aginagan, Galardiko ostatuak ere frontoia zuen, metro batzuk aurrerago, gaur egun Txokoaldera sartzeko bidegurutzean. Txokoalden, berriz, bere frontoia zuen Illarramendi sagardotegiak (gaur egungo Illunbe). Lehen biak aspaldi desagertu baziren ere, hirugarrenaren frontisaren horma eta hura eusteko kontra-hormak ikus daitezke, oraindik, kanpoaldetik. Ondoren, gure herriko auzoetan ditugun pilotalekuak aipatuko ditugu, etxe batzuk dituzten frontoi partikularrak kontuan hartu gabe.

eraikuntza30