Monumentu edo eskulturak
1
ZuhaitzAGINAGA
Gaur egungo Aginagako pilotalekuaren aurretik bertan zegoen Ariztitxo hariztiaren oroitzan egin zuen Alejandro Tapiak. Eskultura 1993an egin bazuen ere, 2008an kokatu zuten, egileari berari omenaldia egin zitzaionean. Kareharrizko idulki luzatuaren gainean brontzezko zuhaitzaren adar korapilatuak ageri dira, zuhaitza irudikatuz.
2
Udarregiren eskulturaELIZALDE
XIX. gizaldiko bertsolari handiaren omenez egindako eskultura dago Kontzejutxiki eta Matistanea etxeen aurrealdean. Harrizko paralelepipedoaren gainean ageri den kubo zulodun abstraktua da eskultura, Remigio Mendiburuk egina. Oinarriaren aldeetako batean, Udarregik egin ohi zituen izkribuen antzekoaren azpian honela dio idazkunak: "Usurbil'go eriak Udaregi ri, 1966 go Maiatza".
3
Zumetaren muralaELIZALDE
1973an egin zuen Jose Luis Zumeta herritarrak 16 metro zabalerako eta 9 metro altuerako zeramikazko murala frontoiaren atzealdeko horman. Indar eta adierazgarritasun handiko lana, bere obra nagusienetakoa da. Kolore biziz beteriko irudi abstraktua erakusten du lanak.
4
Beste zenbait mural
Aurrekoaz gain, beste hainbat muralek ere apaintzen dituzte herriko hormak. Batzuk, Paris atzeko baratzeen hormako "Euskera guztiona" hura bezala, desagertu dira dagoeneko. Beste batzuk, berriz, berriki margotutakoak izan dira, sorturiko arazoen aurrean herriak emaniko erantzun moduan. Horien artean sartuko genituzke: "Euskal Presoak Euskal Herrira", "Intsumisioa" eta "Errausketarik ez" aldarria duten muralak. Baina horiez gain, bada beste bat, Zubiaurrenea 3 atariaren ezker horman, hain zuzen, aspaldi egindakoa izan arren, oraindik hor dirauena: Herri Batasunako murala. Alejandro Tapiaren zuzendaritzapean egin zen lana, duela hogeita hamar bat urte. Etxebizitzaren kanpo hormak pintatu behar zituztela eta, hormirudia zaharberritu zuten duela zortzi urte edo, ezabatu samar baitzegoen ordurako. Liburua argitaratzear zela, ordea, muralaren edukia gustuko ez duten batzuek, bertako testu eta aurpegi guztiak estaliz zirriborratu dute.
5
Mikel Laboa plaza
Txirristaren plaza izenez ezagutu dugu duela gutxi arte, bertan eraiki baitzuten inguruotako txirristarik handiena izandakoa. Hamabost metro luze zen eta bost metro eta erdiko desnibela zuen jatorrizkoak. Baina susto eta istripu larri batzuek tarteko, bederatzi metrora laburtu zuten, altuera murriztearekin batera. Handik gutxira, gainera, segurtasuna areagotzeko asmoz estalkia jarri zitzaion. Hala ere, segurtasuna nahikoa ez antza denez, eta 1990eko hamarkadaren hasieran betiko kentzea erabaki zuten. Bai plazaren urbanizazioa, bai txirrista bera, Jose Luis Zumetak diseinatu zituen eta 1975 inguruan eraiki zituzten. 2009ko maiatzaren 31tik aurrera, Usurbilgo udalaren ekimenez, Mikel Laboaren izena darama plazak, Usurbilekin harreman sakona baitzuen.
6
Askatasuna plazako irudiakELIZALDE
Askatasuna plazan zeramikazko irudi ugari jarri zituen erliebean Karlos Zabala Arrastaluk. Landareak, animaliak, haurrak jolasean, dantzan, Olentzero, kirolariak eta beste hamaika irudi ageri dira plazaren porlanezko hormetan apaingarri modura, guztiak kolore biziz margotuak. 1990ko hamarkadaren hasieran jarri zituen irudiok, behin plaza amaitutakoan, zementoaren gogortasuna gozatzeko.
7
Sagardoaren monumentuaELIZALDE
Gotzon Huegun lasartearraren lana da Eguzkitzaldeko plazatxoan dagoen eskultura. Botilatik basora sagardoaren erortzea islatu nahi izan zuen eskulturagileak, eta hiru elementu nagusi landu zituen kareharrian, sagarra, botila eta edalontzia. Lurrean pedal txikia zapalduta txorrotada erortzen da botilatik basora, baina ez sagardoa, ura baizik. 2007an jarri zuten Gotzonen arte-lana plazatxoan.
8
Seigarren mendeurrenaren oroigarriaKALEZAR
Usurbili hiribildu titulua eman zitzaiola seiehun urte ospatzeko jarri zen Kalezarko Felix Aizpurua plazaren alde batean oroigarria. 1371ko irailaren 11n izendatu zuen herribildu Gaztelako Enrike IIak errege-eskutitz bidez eta "Belmonte de Usurbil" izena jarri zion. Sei mende igarotakoan, 1971n jarri zuen garaiko udalak marmolezko oroigarria, "Usurbil 1371-1971" liburua argitaratzearekin batera. Honela dio oroigarrian landua dagoen idazkunak: "1371-1971, Ederra bada herriagatik hiltzea, zein ederrago herriarentzat bizitzea, herriagatik behar baita bizi, behar da irabazi".
9
Laka eskultorearen monumentuaKALEZAR
Kalezarko Felix Aizpurua plazaren erdian dago Jon Lakaren monumentua. Pergamino bat irudikatu nahi duen zutikako kareharrizko zilindro handi bat da, bi muturretan ertzak zabalduta dituena. Tamaina ezberdineko letra mordoa du zabaldutako ertz horietan, baina irakurtezina da. Hiltzen den gudari bakoitzeko bi jaiotzen direla adierazi nahi omen du.
10
Zinkezko ibaiaZUBIETA
Oriaren ibaiertzean, Oriari egindako omenaldi baten parte da Iñaki Olazabal eskultoreak egin, eta, Lasartetik gatozela, Zubietako sarreran jarririko lana. Parte diogu, Oria ibaiaren ibilbidean zehar antzeko beste obra batzuk ere egin baititu: Zegaman, Ordizian, Ikaztegietan, Tolosan, Andoainen eta, azkenik, Orion. Hondarrez beteriko zinkezko kaxa irudikatzen du, behealdean bi zubirekin.
11
Mendeurrenaren monumentuaDONOSTIA
1813ko abuztuan, suak Donostia suntsitu zuela eta, herriminez, Zubietako Aizpurua baserrian bildu ziren garaiko zinegotzi eta jaun ospetsuak, hondakinetatik berriro hiria altxatzeko asmoz. Ehun urte pasa ondoren, hau da 1913an, bilera horiek gogorarazten zituen plaka jarri zen Aizpurua baserriaren aurrealdean, orduko Espainiako erregea gonbidatu izan zuten sona handiko ospakizunetan. Oroigarri harekin batera, asmo bera zuen monumentua egin zen, eta Donostiako Alderdi- Ederreko lorategietan jarri.

Baina, Donostiako jaunen bilera hura irudikatzen zuten marmol zuriko irudiek ez zuten patua aldeko izan. Urte batzuk geroago, handik kendu eta baztertu zituzten. Petritegiko zabortegian agertu ziren horietako batzuk, Atotxako fruta biltegian beste batzuk, eta Urguleko gazteluan baten bat. Horren aurrean, zubietar talde bat, ahal izan zituztenak berreskuratu eta Aizpurua baserriaren aurreko belardian jartzen saiatu zen. Ez ziren guztiak adostasunera iritsi, ordea, eta elizaren hormaren kontra eduki zituzten alboratuta urte luzez, gaur zimitorioa dagoen horretan. Zubietako erdigunea urbanizatzerakoan, azkenik, bilera hartako jaun horien irudiak handik atera, eta Donostiako Amarako Irun plazan jarri zituzten, beste bi eraikuntza batzuen barnean. Bururik gabeko batzuk eta jatorrizko testuaren zatiak besterik ez. Zubieta da garbi irakurtzen den bakarra. Goiko argazkian, marmolezko irudiak ageri dira, 1989an, Zubietako elizaren ondoan. Behean aldiz, Amarako Irun plazako errotondaren erdian dagoena.